XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Benetan dotorea zen, eta kandelen argitan distiratzen zuen zilar-koloreko soineko arina zuen soinean; baina zaharra zen... aitak orduan hogeitamabost urte zituenez, gutxienez bera baino hamar urte zaharragoa.

Bapatean ohartu nintzen nere aita festako pertsonarik gazteena zela, askozaz.

Dama xarmagarriak baziren ere, ez zegoen zilar-koloreko soinekoa airean zebilkion dantzari lerdena baino gazteagorik.

Gauza bera gertatzen zen gizonezkoekin; gehientsuenak usain gozoko puru habanoak erretzen ari ziren, eta erdiak baino gehiago nere aitaren aitak izateko bezain zaharrak ziren.

Orduan begiak kliskarazi zizkidan zerbait ikusi nuen.

Nere aita eta bere lagun zalua orkidea gorriz erdi izkutaturik zegoen toki bateraino hurbildu ziren dantzatzeari utzi gabe; eta, besarkatuta, elkarri muxu ematen ari ziren.

Nere gelara joan nintzen tximista bezala, hain nengoen txundituta, hain amorrazioz betea.

Ohe barrura jauzi egin, eta burua estali nuen tapakiez.

Zer nahi izan zezakeen nere aita bezalako gizon gazte eta segailak halako emakume zahar batengandik?

Eta zergatik ez zen beheko jende guzti hura behingoz etxeratzen Santa Claus etor zedin?

Orduak eman nituen esnai gonbidatuak nola abiatzen ziren entzuten, (...).